Maialen Akizu.

Garrasi

2024ko ekainaren 28a
05:00
Entzun

Baratzeko lehen tomate aleari begira gelditu naiz. Hostoaren eta zurtoinaren kolore berde antzekoa du eta gorri bihurtzeko desira osoa. Berari begira egon nahi dut, presente egon hazten den, gorritzen den momentu horretan, baina gauza gehienak bezala nik beste aldera noiz begiratu zain dagoela iruditzen zait. Jolasa jarraitzea pentsatu dut: propio begiratu dut atzera, seira arte kontatu dut neurekiko, eta braust, berriz begiratu tomateari. Sekula baino aproposagoa zen «bat, bi, hiru, tomate!» esatea, baina ez dut esan, badaezpada. Hortxe jarraitzen du, baina iruditu zait pixka bat hazi dela, tonu bat gorritu; badaki begira nagoela. Beroa, argia, eguzkia eta isiltasuna behar ditu  tomateak. Garrasi egiten dute estresatzen direnean. Gaur lasai dago. Ze ondo. Orduantxe hasi da, ordea, gure bizilagun siesta-kanpaia belarra mozten. Akabo! Tomate alea esku haurrez bildu dut zaratatik nolabait babesteko, «lasai, oraintxe bukatuko da» esan diot baxu-baxu eta bukaeran «maitia» batek egin dit ihes. Baina ez zuen entzungo. Nola ba! Tomatearen haziak dardarka sumatzen ditut, mamia gogor-gogor, baratzeko lehen tomatea ez dago ondo. Bizilagunak berean jarraitzen du, eta nik tomateak bota nahi dizkiot giza-zarata honi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.