Jira

Gardenak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Jendeari helduta hiltzen gara. Bere aita bilobez inguratuta hil zela esaten du gure aitak, errege egun batez, goxokiak banatu ostean. Tartean nintzen ere ez dakit. Ez dut haren oroitzapenik. Argazkietan ikusi dut, bere bizitzako pasarteren bat edo beste kontatu didate, nola bidali zuten artzain bederatzi urterekin, bederatzi urterekin lehen jaunartzea egin nuen nik aurpegi biribil-biribilarekin, bi belaunaldi dira, bederatzi urterekin oinutsik ibiltzen zela oinetakoak ez gastatzearren, hori dakit, eta nola iritsi zen herrira, non egiten zuen lan, gazta zaharrak zoratzen zuela, eta hori, bilobez inguratuta hil zela, errege egun batez, goxokiak banatu ostean.

Geure buruei kontatzeko moduko ipuina da bizitza, geure buruei eta besteri; bestek kontatzen duenean hartzen du indarra ordea, errealagoa ematen du orduan. Alferrik saiatuko gara geure buruak edertzen: bestek beti ikusten gaitu hobeto, bat opakoa da bere buruarentzat.

Geure historia kontatzen diogu maite dugun jendeari, horixe da dena. Eta azkenetan gaudela susmatuta, azken mezu bat utzi nahi izaten dugu. Hil aurretik, telefonoz deitu eta maite zaitut esatea egin zuten azken lana Dorre Bikietan zendu zirenetako asko eta askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.