Milan Kunderari irakurri nion, Kafkak txekieraz idatzi izan balu inork ez zuela ezagutuko esaten duen liburu berean: Artea ez da Historiari bere martxan laguntzeko dagoen orfeoi bat. Bere historia sortzeko dago hor. Europatik geratuko dena ez da bere historia errepikakorra, bere horretan batere baliorik ez duena. Geratzeko aukeraren bat duen bakarra arteen historia da.
Zenbat urte behar dira horretarako, nahikoa al dira 75?
Sentitzen dut berri txarrak ekartzea: Espainiak ez du Gernikako sarraskiaren ardurarik onartu 75 urtean, ez jakin sekula onartuko duen, eta herriaren izena ahotan hartuta Picassok margotu zuen koadroa eurek daukate, Reina Sofia Museo Nazionalean. Ez zituzten 75 urte behar izan historia (errepikakor) mingarria alde batera utzi eta arteen historian jartzeko arreta. Edozertarako balio du Picassoren artelanak orain: turistak erakartzeko, katiluak saltzeko, Gernikako sarraskia mihise batekin estaltzeko, Espainia bere iraganarekin adiskidetzeko.
Eskuindarrek gauza bat daukate ona: garbiak dira. Anasagastik Picassoren Gernika Gernikara ekartzeko aukeraz galdetuta, Jose Ignacio Wert ministroak lasai asko bota zion: Bredak ez du sekula eskatu Bredaren errendizioa.
Jira
Garbi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu