Larunbat gaua da, epel egiten du, zaborra botatzera jaitsi naiz. Beteta dago parkea, haurrak zinbulu-zanbuluan dabiltza, irakurri berria dut egunkarian: erreskatea Espainiarentzat. Izozkia erosi dut txinatarren dendan, Azkuna baino maiteagoak ditut. Somaliako kostaldean botatako hondakin toxikoei buruzko dokumental bat hasi gara ikusten telebistan; hurrengo astean neuromarketinga izango da gaia. Erosteari utzi beharko genioke, hasi gara biok, grebarik onena litzateke; bai, eta zailena.
Malformazioekin jaiotzen dira haurrak, azala puztuta daukate emakumeek, arrantza galdu egin da, presidenteak irabazien herena jasotzen zuen, hil egin zituzten kontuaz gehiago jakin nahian galdezka hasi ziren kazetariak, Italian hondakinak hartu eta Somalian botatzen zituen gizonak irla bat erosi zuen Kariben, eta bertako errege izendatu nahi du bere burua, hartara immunitate diplomatikoa lortzeko.
Igande goiza da, Raxoik prentsaurrekoa eman du. Jolasean ari dira gurekin, esan diot Nadiari, gezurretan ari zaizkigu batere lotsarik gabe, eta dena hain erraz, hitzak aldatuta, eufemismoekin sorgortzen digute ulermena.
Irautea da gure lana, ez amore ematea. Garbi hitz egitea, zikinik ez ezartzea hitzei.
Jira
Garbi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu