Martxoaren 4a martxoaren 3aren biharamuna da. Distantzia batetik, iruditzen zait Martxoak 3 elkartea asmatzen ari dela efemeride bat berritzen eta osatzen, iragana ikertzen eta orainaldi bihurtzen. Orain urtebete pasa, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Gogora Institutuarekin, eta, Martxoak 3ko Memoriagunea San Frantzisko elizan sortzeko, elkarrizketa, dokumentazio eta difusio lanak egiteaz gain, Memoria Auzolana ekimena jarri zuen abian. 1976ko langile-prozesu haren bizi-baldintzekin eta testuinguru historikoarekin lotutako objektuak biltzea da xede: arropa, nominak, munizioa… Halaxe jaso dute, adibidez, berrogeita bederatzi urteren ostean, mediku txosten bat, sarraskiaren egunean buruan tiro egin zioten zauritu batena. Orri bakarreko txostenak itsatsia zuen burutik ateratako bala.
Gabriel Garcia Marquezek hala idatzi zuen: «Oroimena da ez daudenei behatzen diegun ispilua; objektuak dira atzera bueltan ekartzen dituzten aingurak». Nik neuk memorian baino konfiantza handiagoa daukat objektuetan. Ez zaio alferrik deitzen lepo-gainekoari ganbara.