Gaurko egunez aterik ate ohitura zaharra berritzen ibiliko dira Euskal Herriko txoko askotan. Ez nituen ezagutzen Lino Ayesta zeberioztarraren bertsoak. Nekazari, artzain eta ikazkin izandakoa erretiroaren ondotik hasi zen bertsoak idazten. Argitalpen bat baino gehiago ditu, eta Gure izkuntzaren mugatik liburuan dakartza Santa Agedaren martirioaren ondoren kantatutzeko bertsoak. Etxeko nagusiari, etxeko andreari, zaldun gazteari, neskatxa gazteari eta txikientxuari kantatu ostean, politikari edo agintariarentzat ere baditu esatekoak. Hauxe gustatu zait niri: «Agintarien aukera eta/ batez be poderosua./ Ondasunaren banaketa du/ egite garrantzitsua./ Auteskundetan botoen billa/ gastatzen daben txistua,/ ez bedi izan erriarentzat/ gari gabeko galtzua.» Ieup! Galtzua uzta ondoko soroa omen da. Gariaren kasuan batik bat, ebakitakoaren ipurdia lekuan bertan geratzen da. Begira osasun publikoa; herriarentzat galtzua. Hara euskal sortzaileen lan baldintzak, sortzaileak eurak, lan baldintzak oro har; herriarentzat galtzua. Euskararen larrean, herriarentzat galtzua. Galdutako beste galtzu daukagu.
![maialen akizu 34 172x172 maialen akizu 34 172x172](https://www.berria.eus/uploads/s1/66/12/69/7/maialen-akizu-34-172x172.png)
Galtzua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu