maialen akizu 34 172x172

Gal dezatela

2025eko martxoaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Roberto Bolañok esaten zuen: «Zapata hitzak sekula ez du hegan egingo». Hitz batzuk badirudi bere horretan utzi behar direla, ezin da dena tolesten ibili gure ama bezala, kuleroak, galtzerdiak eta kirolerako kamisetak ez dago plantxatu beharrik. Baina oihartzun egin dit titularrak. Edurne Brouard eta Bego Galdeano GALen biktimei egindako elkarrizketak hala zekarren: «Badute estrategia bat; gu noiz nekatuko zain daude. Ba, ez. Gal dezatela esperantza». Gal dezatela esperantza. Gal dezatela. Gal esperantza. Gal, gal, gal. Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak GALen ekintzak justifikatu eta, besteak beste, Joxemari Larretxearen bahiketa agindu izana aitortu zuen El País egunkarian, eta Barrionuevoren kontrako kereila aurkeztu dute. Irakurtzekoa da Barrionuevori egindako elkarrizketa —Kazetaria: «Baina hori ilegala da». Barrionuevo: «Bai, bai». Kazetaria: «Baina hori delitu bat da». Barrionuevo: «Bai, bai»—. Baina itzuli titularrera: Gal dezatela esperantza. Pentsatu dut, hemendik aurrera, GAL entzun aldiro, nire imajinarioan Felipe Gonzalez, Galindo, karea eta lausoarekin batera, esaldi horrekin gogoratuko naizela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.