Badakit euskaraz esapide jatorragoak badaudela —gogoko ez izan, ondo ez moldatu, ez atsegin— baina gure bueltan gaizki erori espainolkada gure-gure eginda dugu. E.ri jende pila bat erortzen zaio gaizki, «mundu guztia», bere hitzetan. «Lasai, titi, zu ez». Esajeratu bat da, eta esajeratu bat dela esaten diogu, eta berak baietz, esajeratu bat dela, baina arrazoi duela. «Joana malapartatu zikin bat da, eta kito». L.ri, berriz, nekez entzungo diozu norbaitengatik ezer txarrik. Beti saiatzen da gustatzen ez zaizkigun jarrerak ulertzen, bestearen ona azpimarratzen, parekoa «den bezala» onartzen. «Baina gero tripako-minak hirutik bitan», esaten dio E.k. Egia da. Tripako minak sarri izaten ditu L.k, eta askotan egoten dira tartean «honek horrela sentiarazi nau, baina ez da bere kontua, ni sentitu naiz horrela, eta zerk sortzen du hau nigan, eta hori da aldatu nahi nukeena» bezalako kontuak. Gustatzea gustatzen zaigu, eta zer, antzematen dugunean ez gaituztela maite, ez gaituztela nahi ondoan, pertsona batzuekin, leku batzuetan, etzanda egon arren gaizki eroriko garela. «Esajeratu bat zara». Bai, baina arrazoia daukat.

Gaizki erortzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu