Livorno, 1984. Arte Modernoko Museoak Modiglianiren jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatu nahi du, eta artistaren misterio bat argitzea pentsatu dute. Modiglianik harrizko buru batzuk egin zituen, baina lagunei gustatu ez, eta harrika bota zituen norabait. Gerora artistaren balioa goratu zen, eta buru haiek ezin topatu. Museoak bilaketa berriz hartzea pentsatu zuen, prentsari zabaldu eta ordainsariak iragarri zituen. Hilabete pasatu, eta albisterik ez. Bihurri, lau gazteri okurritu zitzaien eskultura faltsuak egin eta putzu batera botatzea. Biharamunean hura zirrara, baina a ze sorpresa handik gertu beste bi buru agertu zirenean. Ileak urdindutako artista batek gazteen ideia bera izan zuen; ez bromarako, arte-merkatuaren faltsutasuna salatzeko baizik. Adituek, ordea, obren benetakotasuna berresten zuten, eta azkenean, gazteei zein artistari eskatu zitzaien berriz egiteko euren lan faltsua, benetan faltsua zela frogatzeko. 1991n gizon bat agertu zen Modiglianiren hiru buru zituela esanez. Inork ez zion sinetsi, harik eta 2007an arrazoia eman zioten arte. Baina berdin du. Denok gogoratuko dugu buru faltsuen historia.
Faltsua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu