«Kaixo!». «Bai, kaixo, egun on. Begira, eztabaida bat izan nahi nuke». «Ados. Lehen aldia da hona zatozena?». «Bai, aspalditik interesatu zait kontua, irakurria nuen honen inguruan, lagunen bati...». «Fitxa bat zabalduko dizut. Zer nahi zenuke, eztabaida bat, edo hamar eztabaidako abonua?». «Prezioan alderik bada?». «Bai, bost minutuko eztabaida bat hamar euro, eta hamar eztabaidako abonua berrogeita zortzi». «Bueno, probatzera nator, eta gaur bakarra hartuko dut». «Ederki. Agirretxe jaunarengana joan behar duzu. Bigarren solairuan, ezkerrera». «Mila esker!». Harrerakoa agurtu, eta eskaileretan gora doa. Agirretxeren atea jo, ireki eta barrura pasatu da. «Buenos días, señorita. ¿Qué quieres?». Hartu arnasa. «Eztabaida bat izan nahi dut zurekin». «Ba nik ez dut nahi». «Bueno, baina horretarako etorri naiz hona, ordaindu egin dut, hau horretarako lekua da...». «Baina zuk ez dakizu nik zer pasatu dudan». «Ez, baina, tira, argudia dezakegu bakoitzak bere posiziotik, kontraesanak bilatu, elkarrekin ondorio batzuetara iritsi...». «Hori ez da horrela». «Eta nola da ba?». «Utikan! Ez dago zurekin eztabaidatzerik».
Eztabaida bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu