Eusko Jaurlaritzari2021ean transferitu zitzaion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeen eskumena —nahi gabe transferitzen zaio bati haien hizkuntza ere—. Helburua, besteak beste, presoen %40 hirugarren graduan egotea zen, birgizarteratzeko datu onenak ematen dituelako erregimen horrek —birgizarteratzea, ez esan ez denik auzitara eramateko moduko hitza hori ere—.
Kultura jasotzea izan daiteke bitartean modu bat horretarako. Hainbat kulturgilek Espetxeak libre! izeneko oharra kaleratu berri dute, ordea, kartzeletan kultur jarduerak egin ahal izateko eskatzen hasi zaizkien inprimakia ez dutela beteko esanez. Compromiso de respeto a la finalidad tratamental penitenciaria izenburutik hasten da inprimakia, eta sortzaileek salatu dute autozentsura duela finean helburu. Gehituko nuke demaseko burokratizazioaren enegarren dokumentua ere badela; konpromisoa berdin sinadura, sinadura berdin kontrola. Konpromiso baliotsuenak, ziurrenik, ez dira sinatzen, hitz ematen dira, esan beharrik gabe bete.
Atentzioa eman didan beste kontu bat izan da Espetxeak libre! oharrean aipatzen diren kantuen garaia —564; Carcelero, carcelero; Sarri, Sarri—. Gaur egungo ze kanta ez lukete onartuko espetxean?