Ez nekien Serbian halakorik gertatzen ari zenik. 1964ko Jugoslavia zaharrean eraikitako Novi Sadeko tren geltokia iazko uztailean ireki zuten berrituta. Azaroaren 1ean, ordea, markesina eraitsi egin zen eta hamabost pertsona hil ziren. Gertakari honen kari, ikasleak antolatzen hasi ziren, irakasle eta herritarrak batzen, eta gogortu eta gogortu gobernuaren erantzuna. Protestetan lau eskakizun dituzte: tren geltokiaren dokumentuak argitaratzea, protestetan atxilotutakoen absoluzioa, ikasle eta irakasleen erasotzaileen kontrako bide judiziala, aurrekontuen %20ko igoera goi hezkuntza publikoan. Aspaldion, europar mendebalde honetara Ukrainako albisteak soilik heltzen dira, baina kasu honetan ez da soilik ekialdearekiko dugun urruntasunagatik. Serbiako ikasleen antolakuntzak garbi du sare sozialak ez dituztela erabiliko, ez eta bestelako hedabideak ere. Viber eta Signal izeneko mezu enkriptatuen bidez komunikatzen dira, ahoz ahokoa lehenesten dute, brigadetan antolatu dira, ez dute lider garbirik, alderdirik, markarik. Ez dute ikusgarritasunik nahi, ez dute aurrerapenik erabili gura. Hauxe euren leloetako bat: justizia nahi dugu, ez propina.

Propina ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu