Mito fundazionala aldatu beharko luke Europak, zeinak itsasora barneratzen den zezen zuri eta lore sorta batez koroatu baten gainean bortxaz eramana irudikatu ohi baitu bere burua. Edo mito zaharra berrinterpretatu. Atzerriko potentzia handi baten atzetik guztiari amen esanez ibiltzeko ohitura hobeto islatuko lukeen irudia behar da. COVID-19aren kontrako txertoen patenteak askatzearen kontra bozkatu ondoren (ustezko sozialisten bozarekin eta argudio iheskorrekin), Ameriketako Estatu Batuek (non, beti esaten zaigunez, bertako demokratak hemengo eskuin moderatuaren parekoa bailirateke) liberazio neurria hartzeko imintzioa egin eta berehala hasi da Europa ildo beretik, ezezko botoaren botoiak oraindik bero daudela.
Zezen zuri lorez koroatua agian bufalo bat izan zitekeen eta Europa printzesa bahitua bere borondatez igo zen piztiaren gainean. Seguruenik printzesa ere ez zen, iteuli bat baizik.
Mundu osoari gertatzen ari zaion ezbeharra arintzeko neurri apalari diru publikoz hornitutako enpresa pribatuen etekin esajeratuak lehenesteak (Pfizerrek aurten 21.000 milioi irabaziko ditu soilik txertoarekin) asko esaten du eraiki dugun gizarteaz. Ez da ez genekien ezer. Disimulatzeko saioak gutxienez eskertzen dira.
JIRA
Europa iteulia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu