Euriak metafora izateari utzi dio. Euriari leihoaz bestalde begiratzen diodan moduan begiratzen diet irudiei: hondamendia eta espektakulua. Etxera bueltan kontatu dit ibilian genbiltzan espaloitik erreka bat igaro zela behinola eta Unai Agirrek Urumeari jarritako bertsoekin akordatu naiz: «(…) urak ez du ezagutzen/ regla ta konpasik,/ bide berririk edo/ milagro errazik./ Ez dauka jolasik,/ ez dauka arnasik/ ez du egin kasik/ ez dakien gauzik/ lehen kendutakoa/ eskatu baizik». Baina ibilian genbiltzan espaloitik ez zen errekarik igaro, espaloia bera erreka izan zen behinola. Tentuz eman ditut ondorengo pausoak, ez nuen inor esnatzerik nahi. Gogoratu dut boskimanoek euria izaki biziduntzat zutela. Ibaiaren iturburuetan bizi zen ur-zezen baten forma zuen euriak, eta tokiko sorginen egitekoa zen berau lur idorretara bideratzea. Toz-tozka, belar ondua bidean jarrita, sokatik tiraka. Auskalo. Lortzen zuten lortu, ordea, egarriak zeudenen itoari laguntzea. Imajinatu dut ur-zezena, eta imajinatu parez pare jarrita tokiko ilustreak, kapa gorri eta banderatxo, milagro errazen bila.
Euria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu