Asteartean aipatu nuen edozeren inguruan hitz egingo nukeela Gregorio eta Santirekin; edozeren inguruan hitz egingo nukeen beste bikote bat Maialen eta Irene dira, Maialen Berasategi eta Irene Arrarats. Egia esan, niri iruditzen zait eurekin edozeren inguruan hitz egin dudala, aritu garela honetaz eta hartaz olgetan-benetan, konpartitu dugula korroa... baina, konturatzen naiz ezetz, edo ez behintzat elkarrizketak bere duen norabidean. Hau da, nik hitz egin dudala eurekin, baina eurak nirekin ez. Hori du halako podcast ederra egiteak, eta hori lortu du niregan Ezer ez eta festa-k: distantziak aldatzea, ahozkoaren eta idatziaren artean hara-hona ibiltzea, begiz entzutea eta belarriz ikustea. Bederatzigarren eta azken saioa argitaratu zen asteartean, eta bukaera borobiltzeko, bihar izango da AEKren akaberako bonus track-a. Berasategik eta Arraratsek askotan gogoratu dute Juan Garziaren aipua: hizkuntza bakoitza da osorik esapide bat. Hizkuntzaz pentsatzen ez duenak ez duela ezertan pentsatzen irakurri nuen behin, baina non hasten da hizkuntza, non pentsamendua, zer da hizkuntzaz pentsatzea, zer ez da? Ez da berdina «ezer ez, eta festa», «ezer ez-eta festa», edo «ezer ezta festa»; ezer ez da denaren kontrakoa, dena ez da guztiaren berdina, eta berdingabea, hori Ezer ez eta festa da.
Eta festa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu