Mahaia gutiziaz jori egonagatik, beti heltzen diot lehendabizi esparragoari. Zainzuriak samurrak, freskoak eta diuretikoak dira gainera. Bizitza luzeko landarea da zainzuria. Urtero desagertzen da lurgainetik, eta urtero berritu. Garai batean uste zen zainzuri kimuak lurpean zeuden ahari adarretatik sortzen zirela. Esparragoa, zainzuria, asparagus officinalis, frantses-porrua, venusen belarra. 1903ko postal frantses bat topatu dut. Lau andre ageri dira, bakoitza zainzuriak jateko modu baten adierazgarri: mesfidantzaz, zalantzati, maitasunez eta amorruz. Frantzian lodieraren arabera izen ezberdina hartzen dute esparragoek: señorita, neska eta neskatila. Nafarroako eta Errioxako lodi eta kalitate onekoei cojonudoak deitzen zaie. Eskuin eskuarekin jan behar omen da cojonudoa, frantses-porrua edo venusen belarra, poliki, eta puntaraino. Esparragoa erotikaren ikur izan da, eta erotika zeren sinbolo den antzematea ez da zaila.
Hau jakinda, ez dakit berdin helduko diodan zainzuriari, baina grazia egin dit pentsatzeak gurutzatzen ditudan gizon zisek esparrago bat dutela hankartean.