Gure tutorea animoso bat da. Magoa xisterarekin nola azaltzen da klasera, eta danborrekin soinuekin bezala hitz egiten digu: «Gaur, gaur, irakurketa tailerra egingo dugu!»; edo «Ikasle maiteok, goazen geure burua deskubritzera!»; edo post-itak ateratzen ditu untxiak bailiran. Aste honetako tutoretza saioan borobilean jartzeko eskatu digu. Ez da haserretu mahaiekin ateratako krin-kran hotsagatik, J.ri karpetak erori zaizkiolako, edo arrapalan jarri garelako neskak neskekin, mutilak mutilekin. «Gerturatu, mesedez». Irakasleak esan digu akaso entzungo genuela, baina gurekin hitz egin nahi zutela, garrantzitsuak garelako, eta kontua dela, Eusko Jaurlaritzak, gure gobernuak, agintzen duten politikari horiek, erabaki dutela, ikastetxe batzuk batzea; gurea tartean. «Ze ba?», galdetu du norbaitek, eta tutoreak arrazoi batzuk bota ditu. Irrika begiratu diogu J.ri, bere ligea beste ikastetxekoa delako, eta D.k esan du beste ikastetxean inauterietan hiru egun izaten dituztela eta ea guk ere horrela izango dugun. Irakasleak esan du ez dakiela, baina batek «toma!» oihukatu du, eta denok pozik bukatu dugu saioa.
Eskolak batzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu