Roland Barthesi irakurri nion, Maggie Nelsonen bidez, argonauten modukoa dela maitalea: hala nola argonautek, denborak aurrera egin ahala, Argo ontziaren zatiak ordezkatzen dituzten ontzia bera osorik berregin arte, baina hari izenik aldatu gabe, maite zaitut hitzen esanahia ere berritu egin behar da maitaleak esaten dituen aldiro, «maitasunaren eta mintzairaren zeregina baita esaldi bat eta berari ñabardura beti-berriak ematea».
Barthesi irakurri nion, orobat, 1977ko azaroaren 26ko ohar hau: «Zeharo ikaratzen nau doluaren izaera aldikakoak».
Bihar urtebete da Miren Narbaiza eta biok Popperra, afterra, utopia ematen hasi ginela duo formatuan. Urtebete daramat jendaurrean ahoskatzen, besteak beste: «elkar maite genuen, parte hori egia da, baina batzuetan elkar maitatzea ez da aski». Urtebetez gauza bat —gutxi gorabehera— esan-nahi uste izan dut horrekin, baina zuk eta biok elkar agurtu genuenetik joan diren bi emanaldietan beste ñabardura batzuk hartu ditu.
Azken hartan, galdetu zenidan: «Zer egingo dut barruan geratzen zaidan, eta emango ez dizudan, maitasun honekin guztiarekin?».