Angel Erro.
JIRA

Esaera zaharrak

2023ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Aita ez da esakune zaleegia. Nik hiru atsotitz baino ez dizkiot entzun. Hori bai, maiztasun handiarekin erabiltzen ditu. Haietako bat, «egia 'saten dunak galtzeitu lagunak». Bilatu eta erro zaharrak ditu esaerak. Haren bertsio bat erabili zuen Agaton poeta tragikoak. Italian diote «egia gorrotoaren ama» dela. Eta Errumanian «egia salgai txarra» dela.

Orain badakit zer esanen liokeen aitak Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiari aurrez aurre egokituko balira (eta portugesez baleki): «Dizendo verdades se perdem amizades». Esaera zaharrarekin asmatzen duenak ez du beste deus erantsi behar. Guterresek erraz ulertuko luke Israelek Nazio Batuetako ordezkariak persona non grata izendatu izanaz ari dela (herrialdera sartzeko bisa kenduta), eta beharbada, lerroen artean, adore eman nahi diola ere, egiak ez baitu abokatu beharrik, eta, egia bi zangoz dabilen bitartean, gezurra batez.

Eta zer esan du Guterresek egia ez denik? Gezurra da zibilak babestu beharrekoak direla beti edo Palestinako gatazka lehenagotik datorrela, ez zela urriaren 7an hasi? Egun (edo hildako) gehiegi igaro dira Guterresek hau esan duenerako, baina berandu hobe inoiz ez baino. Hori bai, esana da erraz eta egin beharrekoa garratz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.