Zerbait gertatu da errefuxiatuaren figurarekin, denboraren eta denboren erruz. Ia sinesgarria dirudi pentsatzeak ezen garai batean herrialde guztiek gogoz edo ezinbestean jasotzen zutela beste herrialde batetik, dela gerra bategatik, dela jazarpen politiko edo erlijiosoagatik, ihes egindako jendea. Garai batean, demagun XIX. mendean, norbanakoak izaten ziren. Pentsa dezagun Victor Hugo batean, Ingalaterran eta Belgikan erbesteratua. XX. mendean zehar populazio masa handiak izaten hasi ziren, hainbeste non iheslariaren estatus delakoa garatu behar izan zen, arazoa burokratizatuz, eta ondorioz giza eskubide moduan onartuta ere.
Kontuak hala, gezurrezkoa ematen du gaur egun herrialde batzuek errefuxiatuak hartzeari egiten dioten uko disimulurik gabeak edo nondik datozen begira emateko diskriminazioak (Ingalaterrak iragarri du ez diela asilo politikorik emanen Mantxako kanaletik datozenei).
Argi dago errefuxiatuak sortu zirenean, kolonialismo garaian, immigrazioa ez zela arazo bat. Gauzak aldatu dira eta gero eta ahalegin handiagoa dago bata bestearekin, iheslariak etorkinekin nahas ditzagun, txarrerako. Beste kontu bat da migratzen dutenek ere ez ote duten, iheslariek bezala, behartuta egiten.

JIRA
Errefuxiatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu