Irakurri nuen: «Ikusgaitasunaren makineriak erabateko ikusgaitasunera edo desagerpenera jotzen du, bietako bat: hedabideek izenak ustiatzen dituzte erabilgarri zaizkien bitartean; gero, baztertu egiten dituzte» (S. Torres). Esan zidaten, lehen liburua aurkeztu ostean orain dela hamar urte: «Argi zegoen haragi-xehagailutik pasako zintuztela» (elkarrizketa pribatua).
Iraganetik nator eta badakit jende gehiagori gertatu zaiola. Etorkizunetik nator eta badakit gauzak ikusteko modu jakin bat dela, ez bakarra. Irakurri bainuen: «Txapela nik irabazi nuen ondo egin nuelako bertsotan abenduaren 15ean; ez dauka beste bueltarik. Baina borroka kolektibo bat egin dugu plazan egoteko eta zilegitasuna lortzeko, bide bat urratu dugu, eta nik ez ditut ahaztu nahi bide hori urratu dutenak» (O. Enbeita).
Orainean nator halako kaixo berriro, karis sentsazio batekin. Dena den, desagertu nintzela uste nuenean ere, hezur, gihar eta protesizko gorputz izaten segitzen nuen; subjektu. Bitartean, kideek eutsi diote.