Sarean bolo-bolo dabil Simiocracia izeneko bideo bat, umorez eta ironiaz, zorrotz eta artez Espainiako ekonomiaren egoera azaldu nahi duena. Ideia, laburtuta: ergel kuadrilla batek gobernatzen gaitu. Hala ere, bideoaren bukaeran agertzen den esaldi batek utzi nau ni txundituta; Hanlon printzipioa da: Ez egotzi gaiztakeriari ergelkeriak esplikatu dezakeena.
Hanlon hori zein zenik, arrastorik ere ez, Wikipediak berak ere ez daki, ez dator haren berririk. Baina esaldi horren antzekoak bai, badatoz. Goetherena bat: Gaizki-ulertuek eta zabarkeriak engainuek eta gaiztakeriak baino nahasmen handiagoa sortzen dute munduan. Dena dela, azken bi hauek askoz urriagoak dira.
Albert Einsteinena bestea: Soilik bi gauza dira infinituak: giza ergelkeria eta unibertsoa. Eta azken honetaz ez nago seguru.
Albert Einsteinek giza ergelkeriari buruz esandakoa errepikatzen ikusten dut jendea han eta hemen, horrek ergelkeriatik salbatzen dituelakoan, bekatutik libre uzten gaituelakoan. Hobe bai hain erraza balitz. Aspaldiko lagun banandu ezinak dira giza eta ergelkeria; batek ezinbesteko du bestea: ez dago gizakirik ergelkeriarik gabe, eta ez dago ergelkeriarik gizakirik gabe.
Tximuek barre egiten digute.
Jira
Ergelkeria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu