Gaur enpresako bazkaria izango du askok. M.k esan dit berak ere baduela, jatetxe on batean, eta bihar goizean ez duela agintzen mendi bueltarako izango denik. Hiru urte daramatza enpresa berean M.k, eta orain arteko enpresa bazkari guztietan oso ondo pasatu omen du, giro polita dute lanean, eta bazkarien ostean jefea ere haiekin geratu izan da parrandan.Tarteka kontatzen du jefearekin kafe bat hartu duela, jefearen oporretako etxeak sukaldea eta sala elkartuta dituela, jefeari ere kontatu ziola larunbateko ligearena.
Gaur enpresako bazkaria izango dute askok eta begiratu batean ez zaie antzemango kuadrillako lagunak diren, saskibaloian aspaldi ibilitakoak, edo literatur-egonaldi batean ezagutu zuten elkar. Jefe batzuk mahaiburuan eseriko dira, beste batzuk izkina batean; batzuek edango dute ura, beste batzuek xanpaina, eta whiskia, eta sartuko dute marra bat komunean. Izango da txisteak kontatuko dituenik, bertsotan hasiko denik, isilik mantenduko denik. Egongo dira jator, egongo dira borde, egongo dira esku-zabal, baina zu eta jefe baten artean, beti egongo da soldatapeko harremana.