Gaiaren inguruan ari ginen bueltan-bueltan. Sudurreko piercing berria ukitzen zebilen, oraindik ere bere luzapen horretara ohitu gabe edo; muki bati tiratzea konfiantzaren pistola-tirotzat hartu nuen nik, eta galdetu egin nion. Galdetu ea bera emakumea zen. Bekainak altxatu zituen, zimurretan ere zalantzarik kabitzen ez zela erakutsi nahian bezala. Bai. Jakin nahi nuen, ordea, ea bere identitatean zenbatgarren ezaugarria zen emakumearena. Esaten zidan ez lukeela bere burua emakumetzat aurkeztuko. Definitzeko eskatzen badiote esaten duela 17 urte dituela, urretxuarra dela, saskibaloia gustatzen zaiola. Gauza horiek. Ja. Ez nuen gogoratzen adin horretan zein zen nire identitate-ezaugarrien hurrenkera, baina gauza horiek hain egin zitzaizkidan ezagun. Eta ez nuen gogoratzen, ia gehienean, ezbairik gabe, hurrenkera horretan lehendabizikoa noiz, nola, non bihurtu zen emakumearena. Berriz gogoratu nuen egin egiten garela, performatu egiten dugula generoa, eta emakumeez bezain emakumearenaz galdetzea, akaso, interesgarriagoa dela; baina gaur, agian, nahikoa da elkarrekin egonda.
Emakumearena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu