Lerrook idatzi bitartean bizirik omen da Elizabeth II.a. Omen horren inguruan aritu nahiko nuke. Baten batek pentsatuko du interes gutxiko gaia dela, baina ez dezagun ahaztu ez garela pertsona batez ari, erakunde batez baizik; heriotzaren bitartez ahuldu beharrean indartu eta finkatu egiten den erakunde pertsonabakarreko batez. Baliteke zuek lerrook irakurri bitartean oraindik bizirik omen egotea Erresuma Batuko erregina. Iraupen luzeko omenak egon badaude.
Buckingham Palace-ko bulegoak estatuburuaren osasunak okerrera egin duela iragarri eta mundu guztiak ulertu du. BBCko berriemaileek gorbata beltzak jantzi dituzte. Denok jaso dugun edo jasoko dugun dei hura etorri zaigu gogora, galdera gehiagorik eskatzen ez duena: «Etorri laster, ait(on)a/am(on)a oso gaizki dago-eta». Hitzek baino tonuak esaten du guztia. Nik behin jaso eta behin egin nuen errukizko gezur telefoniko hori.
Benetako notizia iristen denean, oraindik iritsi ez bada, azkenean iristen bada, prest egonen dira erreakzioak: monarkia bezalako zaharkin batez libratu beharra eta biharra gertuago sentitu, britaniar salbuespenari helduta nork bere kontraesanetan sakondu, heriotzak guztiok berdintzen gaituelako ziurtasunean sorgortu... Guztiek balioko dute.
JIRA
Elizabeth II.a
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu