Trakatan, trakatan, trakatan. Irudikatu zaldiak, irudikatu ehun, irudikatu trostan. Esango nuke irudikatzen dena ez direla belarriak, edo buztanak, batik bat trosta hotsa dela, hankak hautsa astintzen, mugimendua, eta ez dakizula zaldiak diren aurrera doazenak, edo bideak egiten duen atzera. Ainhoa Urien Telletxeren ipuin liburua da Ehun zaldi trostan. Irune Izquierdok egindako azal mundialaren ostean zazpi ipuin datoz, trakatan, trakatan, trakatan. Baserriaren eta hiriaren joan-etorria –«Baserrian ez da jatekorik zaborretara botatzen. Sekula ez. Beti dago nork jana: koipetan bustitako hondarrak txakur eta katuentzat, barazki eta fruta zatiak txerri edo oiloentzat. Irenek bota izan ditu alferrik galdutako dilistak komun zulotik behera hiriko bere etxean»–. Bizitzaren eta heriotzaren arteko harremana –«Nola liteke hilda jaiotzea norbait?»–, eta izateko gogoa –«Ireneri edozerk inporta dio gero eta gutxiago laurogei uda bizi ei garela irakurri zuenetik». Literaturaren zio bat ere bada ehun zaldi trostan ipintzea.

Ehun zaldi trostan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu