Angel Erro.
JIRA

Disidentea bestea da

2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Infernua besteak direlako esaldi ospetsuari lehiakide gogorra atera zaio, beste pentsalari batek esana: Alfonso Guerra Espainiako presidenteorde eta alderdi sozialistaren agintari ohiak. «Ni ez naiz desleiala izan; horren ordez, bestea da disidentea». Santurtziar artista baten abesti ospetsuenaren leloarekin laburtu daitekeen argudio zabalago baten azken ukitua zen hura: «Ni aldatu ez nintzen, ez nintzen; betiko berbera jarraitzen dut».

Hunkigarria ere bada, nola begiratzen duzun. Guerrak dio ezin duela Pedro Sanchezen oraingo jarrera defendatu, bestea tokiz aldatu delako, ez baita betiko posizioetan, bera bezala, geldirik mantendu eta are orain lehenagokoen alderantzizkoetan dagoela. Hark dioenaz barre egiten ahal diogu, baina ezin zaio ukatu betidanik nor bere betiko kokagunean egoteak ospe ona izan duela. Iritziz aldatzen denak du traidorea, disidentea, izateko aukera gehiago.

Gakoa berez beste zerbaitean datza. Denborekin, paisaiarekin, garaiaren izpirituarekin nor mugitzen den eta nor ez. Pertsonaia abandonatu gabe: Alfonso Guerraren txiste/iruzkin matxistek ere erakusten dute «betiko bera» izatea, aurrera egiten duen gizarte batean, betikoa baino (are) atzerakoiagoa izatea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.