Dimisio gutunak leiho pareko mahai mendre batean, lumaz eta tintaz idatziak direla iruditzen zait beti. Iñigo Errejon politikari madrildarra halatsu irudikatu dut bere dimisio eskutitza idazten. Lehen paragrafoan kontatzen du azken hilabeteetan, eta batez ere azken astean, erabaki garrantzitsu bat pentsatzen aritu dela. Hau da, bere agurra erabakia izan da, pentsatua eta aspalditik zetorrena. Gero bere ibilbide politikoa goraipatzen du, konprometitua eta militantea izan dela dio, baina botere eskergak kaltetu egin duela osasun fisiko, mental eta emozionala; hori posizio horretan orori gertatzen zaiola. Hirugarren paragrafoan patriarkatuak gizonei «subjektibitate toxikoa» sortzen diela esaten du eta «pertsonaiaren eta pertsonaren arteko kontraesanaren» mugara iritsi dela. Testuaren arabera, laguntza psikologikoa jasotzen ari da, eta politika uztea da onena bere prozesurako. Amaitzen du esanez konprometituta jarraituko duela, lorpenak eta erroreak izan direla, baina bigarren hauek agur gutunaren bidez konpontzea espero duela eta «anaiarteko» besarkada bat denei eta «osasuna!». Aggg.
Dimisio gutuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu