Zuek izango duzue buruan zer ibilia, baina nirera detektibe bat iritsi denetik ezin dut beste ezertan pentsatu. Baten batek kasu honen aurrekarien berri ez badu, esan behar dut lagun batek detektibe batekin ligatu duela, eta ez dakiela zer egin. Sekretupean izateko eskatu zidan eta nik BERRIAkoei esan nien, mesedez, detektibe bati buruzko zutabeak idatzi behar nituela eta ipintzeko, gutxienez, «harpidedunentzat esklusiban»; ez didate kasu egin. Gero iruditu zait estrategikoki hobe dela horrela, detektibe ez denak ere badaki gauzak agerian jartzea dela ezkutatzeko modurik eraginkorrena.
Lagunak ez zekien lige honekin berriz gelditu edo ez. Nik enfasiz animatu dut; baietz, jatorra dirudi oso eta begietan antzematen dizut nahi duzula, beste behin gutxienez, eta gero ikusiko duzu. Uste dut konbentzitu dudala. Ni bitartean egunotan gabardinarekin atera naiz kalera. Giroa ere halakoxea, eta orain arte askorik jantzi ez badut ere, orain dagoen prendarik aproposena iruditzen zait. Aproposena zertarako?, galdetu dit belarri atzeko Watsonek. Doktore, arren, ez galdetu inoiz susmatzen duzunaz.