Angel Erro.
JIRA

Denbora neurtuz

2023ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Denbora neurtzeko moduak behin eta berriz asmatzen ditu gizakiak (haietako bat gizakia bera da). Niri, dena den, oraindik grazia gehien egiten didana da pandemiaurre kontzeptuaren asmakizun eta erabilera, maiz bitxi askoa. Hasiera batean logikoa zirudien geure egunerokotasunaren etena izandako hori erreferentziazko mugarritzat hartzeak. Horretan tematzeak, berriz, irrigarrikeria edo absurdoaren artearen atarira garamatza.

Egunotan goiburu batean irakurri dut ikasturtea errepikatu behar duten ikasleen kopurua pandemia aurreko mailetara iritsi dela atzera. Lehengo bizibidera itzultzea zenez helmuga, normaltasunera (modu horretara ere esaten zitzaion lehengoratzeari), ematen du errepikatzaile ehunekoaren gorakada berri positibotzat hartzen duela kazetariak. Eta garrantzitsuagoa: bi gauzen arteko lotura argia ikusten duela.

Nik lotura argiagoa sumatzen dut atzo irakurri nuen antzeko beste notizia batean: Europako gastu militarra, iaz, Gerra Hotzaren garaietakora iritsi dela atzera. Aurtengoak marka hobetuko zuen, dudarik ez. Gerra Hotza, denbora, gure denbora hau, neurtzeko modu zaharberritua. Harik eta gastu militarraren gorakadak oraindik atzeragoko beste neurgailu bat ekarri arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.