maialen akizu 34 172x172

Dena ondo irtengo da

2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Dena ondo irtengo da», esan dizu lagunak, eta zuk galdetu nahi diozu zer den «ondo», zer den «dena», nondik irteten den hemendik. Baina badira galderentzat ez diren egunak, edo egitekotan, erantzun laburreko galderak egin behar diren egunak —zer moduz zu, laster egongo gara, euria ari al du hor—, galdera bakoitzak norabait hurbildu ahala urruntzen gaituelako nonbaitetik, eta nik gaur ez dut lagunarengandik urrundu nahi. Dena ondo irtengo da. Bilbon Palestinaren aldeko manifestazioa da. «Genozidioa», «erresistentzia», «konplizeak» oihuak entzungo dira, baina nork esan dezake dena ondo irtengo denik. Atef Abu Saifek Donostiako Antzoki Zaharreko osteguneko agerraldian zioen balkoietako Palestinako banderen argazkiak bidaltzen zizkiela bere kideei, esateko «hemen jendeak babesten dituela», eta zuri, berriz ere, galdetzeko tentazioa etorri zaizu: non den «hemen», zein den «jendea», zer den «babestea». Baina gaur ez da galderentzako eguna. Halako egunetarako ez da helduleku txarra balkoietara begiratzea, kideez gogoratzea, eta sinistea jendeak babesten zaituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.