Lige, maitale, amorante, amoros, polbo, rollito, crush, situationship, bikote, lagun, ohaide, ezkongai, gurasogai, konpañero, konpromiso, etorkizun, gau bateko, edo, atzoko Irati Zubia parafraseatuz, ia-zerbait.
L. eta M. taberna berean daude. Elkarri begiratzen diote elkar begiratzen ez duten momentuan elkarri begiratzen diotela disimulatuz. Bakoitza bere zirkuluan dago. L.-k pentsatu du bere lagun O.-ri tragoa eskaintzea, barrara hurbildu eta M.-rekin gurutzatzeko. M.-k uste du gaur L.-rekin gelditzea gehiegi izango dela, azken parrandetan elkarrekin amaitu dutelako, eta L. gerturatzean E.-rekin hasi da hizketan arrapalan.
Zer zara zu niretzat? Niretzat zu zarena al naiz ni zuretzat? Nahi duzuna eta nahi dudana berdinak ez badira, izan al dezakegu nahi dugunik elkarrekin? Jone Arriola elgoibartarrak Dena asmatuta dago film laburra estreinatu du. Harremanak izendatzeko eta definitzeko moduetan saihesten diren elkarrizketa deserosoak egin nahi izan ditu ikusgarri Arriolak. Maitasun deituriko horrek bere instituzioak dituelako, bere protokolo, eginbehar, eta erridikulu asko.