Noizkoa da etorkizuna. Orain idazten ari naizen hitzak, neure gibel-erraietatik ateratzen ditudan besteren ideiak, noizkoak dira, zenbat denboran dabiltza bueltaka, gutariko bakoitzari zentzua ematen, beti berri, beti zahar, noizkoak dira hitzak, hilda egoteko oso bizirik dago latina, orduantxe bezalaxe ematen diogu forma munduari, orduko hitzak baliatzen ditugu, ez bat ez bi, zenbat hitz, zenbat ideia datoz Erromatik, Greziatik, lehenagotik, ia batere aldatu gabe, gurpila bezalaxe, asmatu zenean bezain perfektu, jira eta bira egunero, begira ezazu hiztegi etimologikoetan, nondik datoz hitzak, noizkoak dira, zer izan ziren aurretik, noizkoa da etorkizuna.
Orain idazten ari naizen hitzak, neure barne-muinetatik jalgitzen diren besteren ideiak, gaurkoak dira, beti zahar, beti berri, ez dakite deus iraganaz, ez dakite nondik datozen, oraingo hiztunen eztarriak besterik ez dituzte urratzen, bizidunengan bizi dira, jira eta bira egunero, munduari forma ematen egunero, eta egunero diferente, aldatu egiten dira, hitzak aldatu egiten dira, puztu egiten dira, adierak eransten dizkiegu, galdu egiten ditugu, ahaztu, hiztegietan ehortzi, atera, gaurkoak dira, biharkoak, noizkoa da etorkizuna.
Jira
Bizirik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu