Angel Erro.
JIRA

Bizi bedi erregea

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Luze jotzen du erregina baten hiletak, gero! Plebeiook biharamunean edo hurrengo egunean lurperatzen edo errausten gaituzte. Ia bi asteko tarteak badu, jakina, azalpenik. Eutsi egin nahi diete, zentzu komunaren aurka, mendeetako ohiturei. Gaur inork ez baitu bi aste behar munduko beste puntatik inora joateko. Denboren luzamendu tradiziozko eta solemne horrek gurekiko aldea azpimarratzen du, gainera. Zer izanen zen jende hori tradizioaren eta ponparen estalkirik gabe?

Ohitura horien barruan dago bat, nik txikitan filmetan-edo ikustean ulertzen ez nuena, monarka hil berritan «erregea hil da, bizi bedi erregea!» oihukatzearena. Paradoxiko eta misteriotsutzat neukan. Oker nengoen pertsona berari erreferentzia egiten ziolakoan, oraingoan genero kasu ezberdinei esker ikasi dugunez: erregina hil da, bai, baina bizitza luzea bere ondorengoari opatzen zaio, ez berari.

Egunotan antzeko sentsazioa izan dut Juan Carlos Espainiakoari buruzko dokumental bat ikustean. Zerbitzu sekretuek «erregea salbatzeko» egin dituzten ahalegin maiz ilegalen berri ematen du; hortik izena, Salvar al Rey. Izenburuari eta telesailari, baina, oinordekoa salbatzeko asmoa hartu diot, erregea(ren irudia ofizialki) hiltzearen bidez bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.