Hitzek inoiz baino merkeago behar dute, hainbeste hiperbole goiburuetan ikusita. Orain UPNko presidenteak nazismoaren atarian ikusten du Nafarroa, hautesleen erabakiari ustezko begirunea erakutsi arren, lege elektorala aldatzeko iradokizunen artean, demokrazia bihurrituz. Beste adierazpen batzuetan ere ikusi berri dugu jendeak bozkatuaren kontrako eraso argia: Vatikanoak Irlandan sexu bereko pertsonen arteko ezkontza erreferendumez onartu izana zer eta gizadiaren porrota dela esan du eta bertako elizari zerbait egiteko eskatu dio.
Pietro Parolin Vatikanoko estatu idazkari ustez moderatuak, bere adierazpenekin, ez du irlandarren %62ren borondate zuzena errespetatzen, gizadiaren kontra jotzeaz akusatzen ditu, irrigarriki. Orain pozten naiz erreferenduma izan delako, joan den ostiralean uste izan nuen arren eskubide baten zabaltzea ez zegoela zertan bozkaturik, berez aitortu behar dela. Baina berezko ez dator ezer. Irabazi behar da eta botere faktikoek zailago dute herritarrak hertsatzea, alderdiak eta agintariak baino. Hori ere ikusiko dugu egunotan, orain irudikatu ere ezin ditugun hiperbole gero eta ikusgarriagoekin, herritarrek erabakitakoa bihurritzen saiatuz.

JIRA
Bihurrituz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu