Ez ote dugu politika egiten denok ere geure eguneroko erabakiekin? Lanera joateko autoa aukeratzen dugunean, gure aisialdia merkataritza guneetan pasatzen dugunean, eredu ekonomiko jakin bati bizkar ematen asmatzen ez dugunean, errazera jotzen dugunean, eguneroko kezkak ahazteko telebista aurrean itzaltzen garenean, bizimodu komun bat antolatzeko lana politikoei uzten diegunean, ez ote dugu denok ere politika egiten?
Eztarrian gora etortzen zaigun soinu artikulatu oro ez da politikoa?
Erdoka bezala itsasten zaigun ideologia, ez da politikoa?
Ezarian pilatu zaigun mundu ikuskera hau, ez da politikoa?
Pasa dira hauteskundeak, auskalo noizko izango dugun hurrengo gobernua Euskal Erdian. Datorrena datorrela, ez du tarte handirik izango gauzak aldatzeko. Berez bezala bizi gara, ekonomiaren gurpilak bizi gaitu, ekonomiaren txilindroari geuk egiten diogu bultza, eta azpian ez harrapatzea beste desiorik ez dugu. Nork bere aukerak, nork bere talentua, nork bere bizimodua egin behar duelako uste burgesa erabat gailendu da, hori ez da politikoa? Eta jendea elkarri zerbitzua emateko dagoelako ideologia burgesa, ez da politikoa?
Datorrena datorrela, aldaketa geuregandik hasiko da, edo ez da hasiko.
Jira
Biharamuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu