Agian jakitun zarete denok baina (aurre)irizten diot Monique Wittig ezagunagoa dela pentsamendu heterozuzenaz teorizatzeagatik ezen ez literatura idazteagatik. Eta bere jardun literarioa ezagutzen dugunon artean ere (aurre)irizten diot ez dugula hartzen zientzia-fikzio idazletzat, nahiz eta baden, izan: Les Guérillères, Le corps lesbien eta Sande Zeig bizikidearekin lau eskutara idatzitako Brouillon zer dira ba, ez badira nolabaiteko amazona-utopiak? Aurreiritziak aurreiritzi, esango nuke ari dela gertatzen halako berreskurapen bat: Minuit argitaletxeak Double bilduman berrargitaratu ditu bai gerrillariena bai gorputz lesbiarrarena, eta Gallimardek, berriz, eskura jarri du, L’Imaginaire sailaren bidez, Voyage sans fin, Wittigek Kixoteren harira egindako teatro-bertsioa —Kixote! Wittig ez al zen onena, benetan?—.
Aitzakiarik behar banu-ere hura aipatzeko: iaz 20 urte hil zela; 2025ean 90 jaio zela. Aitzakiarik ez-aitzakiena, dena den, Pomada bandaren emanaldia da, maitaleen hiztegiaren zirriborroarena: bidaia sideral bat, maitatzeko eta eusteko ditugun bazter-modu ederretan barrena.