Guk uste dugu, nolabait, guk aukeratzen dugula gure etxearen estetika —altzari hau hor, pintatu horrela, bost aulki— baina etxeak eginda datoz. Senar-emazteen logela da handiena, argitsua, «autoritatea hemen» dioen espazioa kartelik jarri gabe. Ordea, logela horien dekorazioan aldaketa nabarmena izan da. Orain arte bikoteen oheek oinarrizko elementu bat izan behar zuten: txorizo-burkoa. Uste dut badakizuela zertaz ari naizen. Txorizo-burkoa testura biguna baina aldi berean trinkoa duen luzanga faliko hori da, jolasean hasiz gero gobernatzea zaila zena. Patriarkatuaren haragitze fisikoa da txorizo-burkoa, eta mendeetan gainean pausatu diren belarriei gauero esan die: «Beti elkarrekin, beti elkarrekin, lo ere beti elkarrekin». Garaiak aldatu egin dira, eta askatasuna goratu dugu. Ohartu gara txorizo-burkoaren lekuan bi burko izanda askoz hobeto egiten dela lo, ez duzula beste inor behar burkoaren maindirea sartzeko, eta, txorizo-burkoa ez bezala, bi burko gordetzea posible dela. Ez dut uste txorizo-burkora atzera-bueltarik egingo dugunik. Ordea, oraindik ahotsen batek esaten digu bikoteak lo beti elkarrekin egin behar duela.

Bi burko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu