Aldi baterako memoria daukat nik ona, zaborra gordetzen dut, ezertarako behar ez ditudan helbideak, autoen matrikulak, jatetxeetako telefono zenbakiak, baita, behin horretara jarrita, liburuen signaturak ere. Horrexekin betetzen zait burua, eta erabat alde egiten duten arte, hor ibiltzen da zaborra bueltaka, euren lana bete eta espazioan esekita geratzen diren sateliteak bezala. Eskerrak, beti itsasoan erortzen dira. Baina batek alde egin orduko dator bestea haren lekua hartzera. Eta halaxe betetzen zait burua. Zabor hori guzti hori ere banaiz, noski.
Azkenean, geratzen dena, ez ote da zaborra besterik?
Bertolt Brechtek izerdi usain sarkorra izaten zuela irakurri nuen lekuren batean, eta zozokeria huraxe da hari buruz sekula ahaztu ez dudan gauza bakarra. Gezurra; badakit non eta zeini irakurri nion, eta badakit idazleak inoiz Brechten ondoan egondako baten batek arin botatako txepelkeria bat biografian gordetzeak literaturari zer mesede egiten dion egiten zuela galdera, baina berdin da, niri geratu zitzaidana zaborra izan zen, Bertolt Brechtek izerdi usain sarkorra izaten zuela.
Eta zaborra bota nahi ez duen jendea ulertzen dut ondo, hondar horiei helduta baino bizi ezin duena.
Jira
Beste asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu