Laura Pausini kantari italiarrak uko egin dio Espainiako telebista bateko saio batean bere herrialdeko Bella ciao abesteari, kantak duen jite politikoa dela kausa. Anekdota txiki honek gauza asko esaten ditu.
Hasteko eta behin, Espainian kanta horrek nozitu izan duen desaktibazio ideologikoa; pentsa, Pablo Motos aurkezle lerdetsu eta istriborrera (are istribor muturrera) makurtutakoak bere emankizunean abesteko eskatu badu. Pasadizoak eskain dezakeen bigarren irakurketa ere ez da bihotz altxagarriegia.Inkestek Fratelli d'Italia-ko Arianna Meloniri ematen dioten hurrengo gobernuburua izateko aukera gero eta handiagoa berretsiko luke kantari ospetsuak alde batekoekin eta bestekoekin itxura ona eman nahi horrek. Pausini beren burua ez eskuineko ez ezkerrekoen artean kokatzen dutenen artean ikustearen etsipena alde batera utzita.
Eskuin muturra Italian hauteskundeak irabazteko aukera erreala edukitzera iristeko, ez eskuineko ez ezkerrekoen pasibitate aktibo handia behar izan da, laissez passer arduragabe ikaragarria. Berlusconi irrigarriak ireki zien atea Salviniri eta Meloniri, ikus-entzunezko merkatua monopolizatu eta mezu batzuk normalizatzera lagundu duen Berlusconik berak, Laura Pausini betatu lezakeenak.
JIRA
'Bella ciao'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu