Kutxa automatikoak dira konfesatoki berriak, eta bekaturik larriena, inolaz ere barkatuko ez zaizuna, penitentziarik onartzen ez duena, lurreko infernura bidean jarriko zaituena, daukazuna baino gehiago ez edukitzea. Ez dizu inork esango gainera, nahikoa zara zeu: porrot egin duzu, pobrea zara. Eta zakarrontzian behera sakatu diozu ziurtagiriari, eta baten batek ikusten badu, zer izango naiz haren begietara, errukitu egingo dira nitaz, gizajoa, ez dauka haginlariari bisita egiteko beste, esaten nuen nik aspaldian arropa berririk ez niola ikusi, pobrearentzat ez dago absoluziorik. Eta pobreak ez dauka aukerarik, lana egin behar du pobre izaten segitzeko.
Egunkariak ez balitu irakurriko sikiera, ez luke jakingo luxuzko produktuen salmenta %500 igo dela Espainian, eta Gini indizea, zenik ere ez zekiena, gizartean dagoen desberdintasuna neurtzen duena, 2,7 puntu igo dela 2008ko urtarriletik, 31,3tik 34ra. Telebistan ikusi zuen elkarrizketa batekin akordatu da. Stiglitz ari zen Euronewsen, Ekonomiako Nobela eman ziotena, Europari AEBen eta Erresuma Batuaren eredua ez jarraitzeko eskatzen, desberdintasuna ikaragarria dela, latzak direla aldeak, badela infernua lurrean bizi duen jendea.
Jira
Bekatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu