Abenduaren 19an onartutako agindua herenegun argitaratu zen EAEko Aldizkari Ofizialean. Titularrean hala irakurri dut: «Gipuzkoak agur esan dio ikasgeletako sexuaren araberako segregazioari». Erain-Eskibel ikastetxe pribatua zen señoritak eta señoritoak bereizten zituen bakarra. Erainen señoritoak, Eskibelen señoritak. 2023/2024 ikasturteko promozioa izan zen lehena gela mistoak izaten, eta datorren ikasturterako neurri hau ikasturte guztian aplikatuko da. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburu ohiak Hezkuntza Legearen bueltan esan zuen sexu bereizketa egiten zuen ikastetxerik ez zela finantzatuko, eta legearen arrakastaren adibidea honatx. Irailetik aurrera ikastetxe bateratuak señoritoen izena hartuko du, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan lau unitate gehituko zaizkio, eta indarrean dagoen araudia bete beharko du, besteak beste, hizkuntza eskakizunari dagokionez. Erain colegio-trilingüea da, eleaniztuna, «gaztelera, ingelesa eta euskara». Matrikulazio garaia-eta ez nuke kanpainarik egin nahi, baina gurean «erain» esaten da eragin esateko. Eta hezkuntzan (ere) horixe egiteko garaia da: erain, erain, erain...
Eragin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu