Maialen Akizu.

Baloia

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun

Animaliez aski idatzi dudala iruditu zait. Tentazioa izan dut flamenkoen algodoi arrosari hozka egiteko, moskito sibaritei, edo mejiloien oxigeno faltari, baina algoritmoak, zerutik Jainkoak nola, Cannettiren esaldi bat jarri dit parez pare: gizakia da nor erail duen oroitzen duen animalia bakarra. Sinesterako baloi bat iritsi da nigana. Haur heldutu bat korrika dator bila. Baloiari begiratu diot nik, gogoratu eskuinarekin emateko ezkerreko hanka aurreratu behar dela, besoa pixka bat okertu, oin-puntarekin jotzea debekatua egoten zela, eta nire burua kamera geldoan grabatzen ariko balira bezala eman diot ostikoa. Baldarki eman ere. Eta espero baino bortitzago.

Okindegiaren pareko bi zutabeetan ari ziren jolasean, eta arrandegi parera bota nik. «Eskerrik asko!», esan dit baloiaren bila zetorrenak, eta «barkatu» bat erantzun diot, bene-benetakoa. Ez naiz oroitzen zein izan zen azken uda hura. Badakit azken uda bat izan zela, eta han nintzela ni. Baloia besapean ateratzen ginen kalera, ez genekien belaunetako ubelduak nola ateratzen ziren, nola dirua, nola hain porru-patata goxoak. Beste dena utzi eta baloiaren atzetik korrika egitea. Zeinen kontu ederra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.