maialen akizu 34 172x172

Bakarrik

2024ko urriaren 27a
05:00
Entzun

Oraindik, ni ikusi orduko korrika etortzen zara nigana, eta nik aske nahi zaitut baina gero eta gehiagotan etortzen zait burura zuri kamera bat ipintzearen ideia, kamera diskretu bat, sotila, zure jiran ezkutuan ibiliko den kamera bat, zuk egin duzun den-dena-dena grabatzeko. Barkatu. Ez dut egingo. Atximur egiten dit ohartzeak izan zela garai bat bi hanketan ibiltzeko kapaz ez zinena, eta ez dakit deskribatzen nolakoa zen zure herren propio hura. Orain ez aspaldi onomatopeia zinen -ma, le, ato- eta ikasten duzun hitz berri bakoitzeko galdu da beste bat. Akabo zure purezko musua, harea, plastikoa, arriskua irensten zuen haurra, jada hortzak garbitzen dakizu, eta «nik bakarrik»esaten didazu. «Nik bakarrik» esaten didazu zuk niri. Atzo elatua jan non-ta. Gaur gertatzen ez den guztia pasatzen da zuretzat atzo, baina atzo ez zenekien iraganeko kontakizunak egiten, menpeko esaldiak egiten, arrazoiak bilatzen. Etorri zaitez nigana korrika, beste behin bakarrik bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.