Angel Erro.
JIRA

Azken aldia

2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Fruitu gazi-gozoa da damua. Gazitik gozora egiten duen zaporekoa. Damutzen dena bere antzaldatzea ikusten hasita dago, zerotik hasteko itxaropenean barneratu da. Egunsenti argitsua du zain. Bere buruari esaten dio «honakoa izan da azken aldia». Pentsatze hutsak bihotz ematen dio. Bere erabakitasuna du orain gotorleku; bertako supazter ondoan eseri da garrei begira. Etorkizunak diz-diz egiten du hor nonbait aurrean.

Atzera begiratuko balu ez luke gizon ilaun, adoregabe hura ezagutuko. Zeinen ezberdina oraingoarekin, nahiz eta kanpoko ikusle batek ez lukeen berarengan deus sumatuko, ez luke gizon berria eta zaharra bereizten jakinen, ez luke haren delibero irmoaren berri, honakoa izan dela azkena, azken aldia, azken aitzurra, azken tripakada, azken larrualdi tristea, azken edozer.

Pentsamendu horrek asaldatuta dauka. Nola ez zaio deus nabarituko? Horrek potentzialki deus gertatu ez balitzaio bezalako toki batean uzten du. Itxaron behar luke, jakina. Eta plazera, benetako plazera, ez balego hastean, zerbait berriari ekitean, baizik eta amaitzean, zerbait azken aldia dela jakitean? Dagoeneko badaki eroriko dela. Egunsentia lanbrotu da, sua itzali. Gutxiago falta da bere buruari eman diezaion berriro damutzeko gustua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.