Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Aurrez

2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ez daukazu aurreikuspenik!, esan zidan neu baino askozaz gazteagoa ematen zuen neska zentzudunak; bankuaren azken eskaintza hasi zitzaidan esplikatzen: kontua ireki eta hamar urtean ez daukazu ateratzerik, baina ezta derrigor sartu beharrik ere, orain ezin duzula, hobeto datorkizula hemendik hiru urtera sartzen hastea, edo bostera, gauzak apur bat seguruago dauzkazunean, ba orduantxe daukazu dirua sartzen hastea, eta gero lehenago edukiko zenuke dirua ateratzea.

Eta begietan antzematen nion errukia: gizajoa, adin horrekin, aurrezki eskas horiekin, nora hoa, ez dakik ondo zer datorren hemen, non ibili haiz orain arte, zertan daukak burua?

Aizu, ni paper baten bila etorri naiz, emango al didazu bai ala ez? Ez zidan noski ezer ikusi betaurrekoen atzean: tankerarik eman ezinda nabil bizitzari; zuhur behar nuke, ausardiak izango du bere saria, zintzo aritzeak lagunduko dit lasaiago bizitzen, maltzur jokatuta aterako ote nuke bizimodua errazen? Zein da biderik onena helbururik ez duenarentzat?

Ez, ez daukat aurreikuspenik, baina gaur eguna zoragarria dago, esan nion. Ez nion esan, eta orain damu dut: hor ibiliko naiz, pausoa pausoari ezarriz, ahal dudan bitartean, lurrerainoko hankekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.