Atsotitzek askotan ukatzen dute elkar. Pertsona berak erabil ditzake kontrakoak, esaera zaharrek ez dutelako inoren iritzi irmoa islatzen; nahierara erabiltzeko baitira, komeni bezala. Kasurako, «txarto pentsatu eta asmatuko duzu» esaten dizun lagun berak, hortik gutxira, are solasaldi berean ere, bota ahal dizu «lapurrak uste izaten du beste guztiak direla bere gisakoak». Orduan, besteez gaizki pentsatzen duena asmatzen ari da edo bere burua salatzen?
Nik lehenengoa, makur pentsatzekoarena, aholku moduan maiz jaso arren, baita etxean bertan edo literaturan ere (La Fontainek katua eta arratoi zaharraren alegian dio «méfiance est mère de la sûreté»), finagoa iruditzen zait, psikologikoki, bestea, nor bere marko ideologikotik ateratzeko ezina adierazten duen heinean. Bietako bakarrarekin gelditzekotan horixe da nire apustua. Jendeaz tarteka ongi pentsatzeko aukera eskaintzeaz gain, munduaren funtzionamendua hobekien ulertzen laguntzen didalakoan. Erreportaje bat leitu dut Donald Trumpek Tiktok plataforma zergatik itxi nahi duen (Txinak erabiltzaileen datuak bildu eta erabiltzen ari delakoan), eta argi dago gaizki pentsatzearen zergatia zein den, haiek egiten daramaten denbora. Lapurrak uste du…
JIRA
Atsotitzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu