Bart amestu dut Euskal Herriko lehendakaria nintzela. Tarteka izaten dut amets hau —kito, esan dut—. Inori aitortu gabea nintzen, badaezpada. Ez dakit Freudek nola interpretatuko lukeen, baina Euskal Herriko lehendakaria naizen ametsetan ni neu naiz lehendakaria, baina gizon baten gorputza daukat. Ez edozein gizonena; gomina bainua ilean, gorbata eta zapata beltzak. Ordea, benetan diot, gomina bainua ilean, gorbata eta zapata beltzak dituztenen adierazpenen antzik ez duela nire ametsetako lehendakariak. Bart halaxe iragartzen nuen osoko bilkuran: gure egutegian Aste Santua ez da jaiegun izango. Nire alderdikideek ere ipurdiak mugitu dituzte aulkietatik, zurrumurrua nabaria da, «erotu egin da!» oihu egin du norbaitek. Nik zintzurrari eragin diot, eta isildu egin dira denak. Ondorengoa ez dut ondo gogoratzen, baina goizean, gorputza erdi-lo eta ametsa erdi-esna nuela, burua Euskal Herriko lehendakaria banintz Aste Santua jaiegun ez izateko diskurtsoa sortzen hasi da. Iruditu zait denak konbentzituko nituzkeela, eta iruditu zait jaiegun batzuen beharra dudala. Karlari deituko diot.

Aste Santurik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu