Etorkizun komun bat adostu beharra daukagu. Edo hobeto: etorkizun komun bat asmatu beharra daukagu, imajinatzen hasi. Zaila da etorkizunik ez dagoelako ideia barru-barruraino sartu zaigunean, eta horrexegatik da hain beharrezkoa. Oraintasun tirano batek hartu gaitu denok, orain hemen nago, orain hau naiz, bihar auskalo. Baina biharraren auskalotasunak perlesiak jota utzi gaitu, mugitu ezinda, ezer egiteko eta ezer eragiteko ezgai, nor bere minetan itoa, nor bere pozetan puztua, bizimodu komun bat, jendarte bat nahi bada, komunitate oro pentsatzen hasteko ezinean.
Eta politikoek lanpostuen promesa egiten dutenean zenbakiak ematen dituzte, hainbeste lanpostu, ez nolakoak izango diren baldintzak, eta behar gorria duenak bere burua zenbaki horren barruan ikusten du, zoriak irri egingo diola, patuaren zain geratzen da, izena ematen du, lanpostu bat nahi du, normala da. Baina lanpostuen promesa baino hobea litzateke ondasunak ondo banatzeko asmoaren aitortza, jendarte batena alegia, etorkizun komun baten mesedetan lana egiteko gogoa.
Baina ezin dugu imajinatu ere egin etorkizun komun bat. Ez dago ekonomia besterik. Angel Errok idatzi zuen: Kutxazain automatikoak konfesatoki berriak dira.
Jira
Asmatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu