Catalina Goya Murgiondo Mutiloako Troi-Errota baserrian jaio zen 1912an. Umetan Segurara lekualdatu zen familia, eta neskatila zela Bilbora bidali zuten neskame, orduko aristokrata ondrosoenak ziren sotatarren etxera. Catalinaren sukalderako abilezia ikusita akademia batera bidali zuten sotatarrek, eta ordutik sukaldari lanetan aritu zen; baserrietako ezkontzak gobernatzen zituen, klaseak ematen, jatetxe sonatuak laguntzen. Libro de cocina bere liburuak etxe askotan ditu olio arrastoak, eta orain gutxi aurkeztu dute laugarren edizioa.
Inork egun hauetarako behar badu, hauxe Catalinaren arrain zoparen errezeta: Arrain-salda ona egin: bi porru, tipula erdi bat sukaldeko txapan doratua, perrexila, aurrez egindako bi koilarakada tomate, legatz buru bat eta ehun eta berrogeita hamar gramo almeja. Egosi dena sutondoan, atera arraina irakiten hasi eta hamabost minutura, eta gorde beste kazola batean olio frijituarekin, baratxuriarekin, tipularekin eta porruarekin. Utzi egiten. Gero, arrain-salda eta 50gr pistola-ogi gehitu zopari, pixka batean irakiten utzi, eta zerbitzatu, arraina platerera ateratzea ahaztu gabe.